Bilbo, otsailak 1- Hurrengo apirilaren 23an, Laboral Kutxa Bilbao Menditrailaren 10. edizioa ospatuko da, Bilboko Eraztun Berdeari erreferentzia egiten diona, hain zuzen ere. Ibilbide berriak estreinatuko ditu bere bi modalitateetan: mendi maratoi erdia eta martxa (mendizalea eta herrikoia). Biak zirkuitu zirkularrak dira, Bilbao Arenaren inguruan hasiz eta amaituz.
Izena emateko epea zabalik dago lasterketaren webgunean. Bestalde, proba Bizkaiko Mendi Federazioak antolatzen duen Mendi Lasterketen Ligako egutegiaren barruan dago aurten ere. Edizio hau inoiz baino berdeagoa eta asfalto gutxiagokoa da. Horrela, trailaren eta mendi-martxaren ibilbide berriak (23 km, 1.500 m inguruko desnibelarekin) gailurrik ikonikoenak zeharkatzen ditu. Bestalde, martxa herrikoia 11 kilometroz osatuta dago, mendiko kirola jende guztiari hurbiltzeko helburuarekin.

Berrikuntza nagusia zirkuituen aldaketa izan arren, beste albiste bat ere aipatu behar da: haurrek kartilla bat jasoko dute, eta hori zigilatu egin beharko dute martxa herrikoiaren leku enblematiko jakin batzuetatik igarotzean. Helmugara iristean, haurrek diploma pertsonalizatua jasoko dute, mugarri guztiak gainditzeagatik. Jarduera honen helburua txikienek modu ludiko eta lagunartean mendi mundua ezagutzea eta gozatzea da.

Eraztun Berdea, inoiz baino berdeagoa

Trailaren eta mendi-martxaren ibilbidea 23 kilometrokoa da. Esan bezala, zirkuitua zirkularra da, eta Ganekogorta mendigunea zeharkatuz, Bilboko eta inguruko zazpi gailur enblematikoetara iristen da (Arnotegi, Larrako, Pastorekorta, Pagasarri, Ganeta, Erreztaleku eta Gangoiti).

Martxa herrikoiari dagokionez, aurten ibilbideak Arnotegiri itzulia emango dio, Bilbao Menditraileko toki ezaugarrietako bat ezagutzeko: Bolintxu. Handik, Pagasarriko aparkalekura igoko da, eta Bilbao Arenara itzuliko da; ibilbide erosoa baina mendizalea izanez. Horrela, pertsona guztiei zuzendutako bi ibilbide dira, lasterketen edota mendi-martxen munduan hasten direnei aukera eskaintzeko. Horretarako, zer hoberik Bilboko Eraztun Berde handiaz gozatzea baino! Horrela, bizimodu osasungarria sustatzen duten kirol-jarduerak bultzatzen jarraitu nahi da.

Era berean, proban zehar hidratatzea ezinbestekoa da. Horretarako, hiru hornidura gune egongo dira trailaren eta mendi martxaren ibilbidean, eta bi hornidura, martxa herrikoian. Azken hornidura puntua Bilbao Arenan egongo da helmugaren ostean, eta bertan Eusko Label hanburgesa zaporetsuez gozatu ahal izango da Haziri esker, energia berreskuratzeko beste produktu batzuen artean. Gainera, parte-hartzaile guztiek Bilbao Arenan dutxa, masaje eta arropazaindegi zerbitzuak izango dituzte eskuragarri.

10. edizio honetan, plastikoaren erabilera ahalik eta gehien murrizteko ahaleginean jarraituko dugu. Hori dela eta, parte-hartzaileak animatuko ditugu kontsumoa saihets dezaten eta, erabiliz gero, birziklagarriak eta bio-konpostagarriak izan daitezen.

Laboral Kutxa Bilbao Menditrailek sariak emango dizkie lasterkari azkarrenei kategoriaren arabera, Laboral Kutxaren eta Columbusen eskutik. Halaber, hainbat zozketa egingo dira probaren sare sozialetan, ekitaldiaren aurretik.

Aurten dortsalak El Correoren dendan emango direla lasterketa aurreko egunetan adieraztea funtsezkoa da. Hala ere, irteera eta helmuga Bilbao Arenan izango dira, lehen esan bezala. 8:30ean 23 km-ko martxa abiatuko da, 9:30ean 11 km-koa eta, azkenik, 10:00etan traila.

Inneventoko antolakuntzatik, zirkuitu aldaketek eta gainerako berrikuntzek harrera ona izatea eta fidelen zein parte-hartzaile berrien interesa handitzea espero da.